EUSKAL HERRIKO FEDERALISTAK


1. Adierazpen hau sinatzen dugunok Estatuaren erreforma federala bultzatu nahi dugu, horren bidez adierazten baititugu euskal autogobernuaren aldeko gure jarrera, Espainia zuzenago eta solidarioago baten aldeko konpromisoa, eta baita Europa sozial eta politikoki kohesionatuago baten aldekoa ere.
2. Elkarren artean sortutako aukera federala bultzatzen dugu, hori baita, gure ustez, antolaketa instituzionalik egokiena botere politikoa antolatzeko hiru eremu horien artean. Ororen gainetik, asmo demokratikoaren adierazpiderik sendoena da proiektu federala, egokitasun berezia erakutsi duena nortasun-sentimendu desberdineko lagunez osatutako gizarteetan. Bake politikoaren bermea da, helburu baitu norberarena eta besteena den askatasuna, partikularra eta kolektiboa, bata eta bestea begirunetsu egokitzen dituena; aberri-sentimenak larriagotzea hautatzen denean arriskuan jartzen den bakea.
3. Gure demokraziaren osasuna eta sendotasuna zuzen lotuta daude lurraldeen autogobernu-antolamendu sendoarekin. Baita alderantziz ere, ezin baitugu bata bestea gabe irudikatu. Horregatik, larri eta arriskutsu irizten diegu bai zentralizazio handiagoa zein sistemaren haustura helburu duten asmoei, egonkortasun demokratikoa arriskuan jartzen dutelako.
4. Egitasmo federalak ezinbesteko du ‘kultura’ federalarekin etengabe elikatua izatea. Ardurazko edo erantzukizunezko sentimendu partekatua onartzea eskatzen du; pertsona bakoitzak gainerakoen eta gizarte osoaren interesesez arduratuta izatea. Gogo edo espiritu federalak nahitaez eskatzen du partekatzen duguna ontzat hartu eta zaindu nahi izatea, elkarrekin egoteko borondatea babestea, hobeto gaudelako horrela eta baita egongo ere. Hauxe bera da Europako integrazioaren espiritua ere. Asko egin dugu aipatu ‘kultura’ federala gorpuzteko bidean, baina luzea da, oraindik, bide horretan barrena elkarrekin burutu behar dugun ibilbidea.
5. Autogobernu zabala eta sakona lortzea dugu helburu, elkarrenganako leialtasuna oinarri izango duena. Lurralde guztien arteko harremanen zuzentasuna oinarri hartuko duena, sistema osoaren antolamendu orekatua bermatuz. Solidaritatea edo elkartasuna oinarri hartuko duena, hori osatuz komunitate bakoitzak jasotzen dituen baliabideen kudeaketaz hartu beharreko erantzukizunarekin.
6. 1978ko Konstituzioaren barruan, Autonomia Estatutuak bermatu du euskal autogobernua, lehendabiziko aldiz halako kalifikazioa zinez merezi duena. Konstituzioak ezarri du lurraldeen autonomia-sistema sendoa eta iraunkorra, mundu demokratikoan diren tradizio sendoenetako sistema federalen parekoa, eta horrek erakusten du egungo autogobernuaren esperientziaren garrantzi apartekoa.
7. Sistema politiko orok behar du egokitua izatea. Egungo autogobernuaren arrakasta historikoa aldarrikatzeak ez ditu ezkutatu nahi haren bilakaerak eta jardunak erakutsi dituen arazoak. Orain arte lortutakoaren garrantzia ezin da bilakatu asebetetze geldiarazle. Horregatik da ezinbestekoa Konstituzioaren eraberritzea. Halako akatsei aurre egin behar zaie eta saiatu horiei konponbiderik egokiena bilatzen. Akatsak zuzentzeko beharra ukatzeak arriskuan jarriko ditu sistema osoaren egonkortasuna eta osasuna.
8. Gaur egun itxuratuta dagoen gisan, Konstituzioak ezin du bermatu sistema autonomikoaren funtzionamendu egokia, horretarako ezinbesteko diren osagaiak falta direlako (gobernuen arteko harremanen egituraketa eta metodo eraginkorra, erakunde bakoitzeko eskumenen zedarritze egokia edo finantza-baliabideak banatzeko irizpide argi eta erangikorrak, besteak beste); federazio sendoenetan egonkortasuna eta bake politikoa bermatzeko nahitaezkoak direla erakutsi duten osagaiak.
9. Bestalde, Konstituzioak biltzen ditu sistema federalei arrotz zaizkien ezaugarriak, kaltegarri eta arazo larrien sorburu izan direnak. Bereziki, autonomia estatutuetan egiten den eskumenen itxuratze lausoa -transferentziei buruzko gatazka amaigabea sortzen duena, besteak beste- eta Estatuari erreserbatzen zaion ‘oinarrizkoa’ zehazteko ahalmena eskumen-banaketaren sistemaren zutabe nagusia izatea, zeinak ahalmen osoa ematen baitio Estatuari erabakitzeko haren boterea noraino iristen den. Honek gurean gatazka-kopuru izugarria ekarri du, beste sistema federaletan parekorik ez duena; tirabira politiko gogorrak sortzen ditu, eta haustura bultzatzen dutenen aldetik egindako sistemaren deskalifikazioa errazten du.
10. Arrakastatsua izateko, sistema autonomikoaren eraberritzeko saioak oinarri hartu beharko ditu inguruan ditugun esperientzia hoberenak. Ez da deiturari buruzko arazoa. Inportanteena ez da nola definituko den lurralde-autonomiaren sistema bera, edo nola izendatuko dugun; axola duena da zer motatako teknikak bereganatuko dituen eta nolako esperientziak hartuko dituen kontuan. Politikoki hurbilen ditugun Federazioak dira adibiderik egokienak, hau da, Alemania, Suitza, Kanada edo Austria. Bakoitzak bere berezitasunekin, gaitasuna erakutsi dute egonkortasuna bermatzeko, egoki uztartuz integrazioa (shared rule) eta askotarikotasunaren onartzea (self-rule).
11. Baina herrialde bakoitzak baditu berezko berezitasunak, idiosinkrasia berezkoa, eta Konstituzioak irtenbide egokia eman behar dio horri. Ezinbestekoa da, gurean, berezitasunak, ‘asimetriak’, onartzea, sistema federal klasikoetan ere jasotzen direnak. Sistema federala ez da uniformetasun erabatekoaren sinonimoa. Baina onartu daitezkeen berezitasunek oinarri sendoa izan behar dute eta ezin dute kolokan jarri antolamendu osoaren koherentzia eta erkidego bakoitzak besteen aldean hartzen duen trataeraren zuzentasuna, bestela egonkortasunik ezaren sorburu bihurtuko baitira.
12. Lurralde-autogobernuaren oinarrizko osagaien eraberritzeak, haren arazo larrienei irtenbide eraginkorra emateak, Konstituzioaren eraberritzea eskatzen du. Aldez aurreko baldintza ezinbestekoa da, Euskal Herriko autogobernuaren antolaketa egokiagoa bermatzeko, eta baita ere, era berean, sistema politiko espainiarraren egonkortasuna, osasun demokratikoa eta gure izaera partikularra bereganatua izatea. Hori guztia Estatutuaren eraberritzearen bidez egin nahi izatea, Konstituzioaren eraberritzea saihestu edo ordeztu nahian, oso ibilbide laburreko egitasmoa da, indar politikoak alferrik xahutzeko ibilbidea, euskal gizarteari atsekabea baizik ekarriko ez liokeena.
13. Adierazpen hau sinatzen dugunok ez dugu euskal gizartea sartu nahi porrotera daramaten eta bideratu ezin diren prozesu eta helburuetan, ez eta gure indarrak alferrik xahutu nahi gizartearen barruko haustura ekarriko duten proiektuetan ere, gizartea bi zati bateraezinetan zatitzen dutelako eta politikoki amildegiaren ertzean kokatzen gaituztelako. Horregatik ez ditugu geure egiten haustura politikoa proposatzen duten proiektuak, ez baitira –ezin dira izan- bide egokiak euskal gizartearen interesak hobekien defendatzeko. 
14. Aipatu duguna bezalako bide federalean egindako Konstituzioaren eraberritzeak eta ondorengo autogobernuarenak, babes zabala izango lukete euskal gizartean, aldian behin gurean egiten diren azterketa soziologikoek erakusten duten gisan. Aitzitik, konfrontazioa edo haustura proposatzen duten aukerak dira, nabarmenki, babes ahulagoa biltzen dutenak. Gure herriaren etorkizuna elkarrekin itxuratzeko egitekoan, egitura federala da eremurik onuragarriena euskal gizartea osatzen dugunok elkartzeko, edozein izanda ere gutako bakoitzak duen nazio-sentimena.
15. Gero eta gehiago indartuz joan behar den Europa federalaren ideia da gure asmoaren osagarri ezinbestekoa. Elkarren artean gero eta gehiago izateak, gero eta gehiago partekatzeak, guztion onura ekarriko du. Europako integrazioaren bilakaeran gertatutako zailtasunen aurrean are ezinbestekoagoa da federalizazioa bultzatzea. Hori gabe ezin izango dugu bermatu azken 70 urteetan Europa bereizi duen gizarte eredua. Europa federala helburu izateak eskatzen du onartzea estatuen inguruan historian zehar gertatu diren integrazio prozesuak, hobetzeko eta ez suntsitzeko. Europa gero eta federalago horretan aurkituko du Espainia federalak abagunerik egokiena eta garatzeko aukerarik hoberena.